XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Tolerantzia eta etsipena ere ez ditugu nahastu behar. Etsitzea, beste aukerarik eza dagoenarekin konformatzea da, baina tolerantea izatea, ulerkorra izatea eta gauzak atseginez onartzea da, norberarentzat aukera hobeak eta komenigarriagoak egon arren.

Tolerante izateko ausarta izan behar da. Gauza ez da neutraltasunean estalitako orrik izaera akritikoan oinarritu guztia onartzea. Norberaren banakotasuna eta talde bateko kideak garela onartzen baldin badugu, tolerantziak baditu bere mugak, legezkoa izan nahi baldin badu behintzat. Gainontzeko herritarrei biolentzia erabiliz berena ezarri nahi dieten banako edo taldeak bezain intoleranteak dira axolagabeak, koldarrak, beldur izateagatik edo beste arrazoiren bategatik, eratu den sistemaren injustizien aurrean edo demokraziak izan ditzakeen gabezien aurrean isildu egiten direnak, hori, intoleranteekin bat etortzea dela aitzakitzat jarriz.

Tolerantzia osoa izan behar da eta ez partziala. Ezin daiteke etxean tolerante izan eta etxetik kanpora intolerante. Tolerantzia maila ez da neurtzen, hain zuzen ere, kidekoen direnekin duzun adeitasunaren arabera; baina bai ostera, desberdinekin, kidekoak ez direnekin eta adiskide ez direnekin duzun begirunearen arabera.

Tolerantziak ez daki elitea zer den eta ez da kultura handien atzaparretan erortzen. Are gehiago, garaiotan ez dago zibilizazio handirik edo txikirik. Zenbat eta berdintsuagoak izan munduko egoerak, handiagoa da norberaren berezitasunei eusteko sentitzen den beharra.

Tolerantziak ezin du saihestu bizi dugun egoera. Herriaren nortasunaren alde borrokatzen baduzu, bidezkoa da herri zehatz batekoa izateagatik harro sentitzea, baina era berean, egoerak hala eskatzen badu, lotsatu ere egin behar zara.

Iring Fetscher maisuaren ustez, zeinahi izanik ere bakoitzaren kultura, gizakiak elkartzen dituen berezitasun bi daude: komunikatzeko gaitasuna eta amaiera bat izango dugunaren kontzientzia, eta Naturarekiko dependentzia, hari esker bizi baikara.